PRAKTIKETAKO GURE ESPERIENTZIA
Praktiketatik itzuli berri garen aste honetan, taldekideok bizitako esperientzia ezberdinen inguruan hitz egiten aritu gara. Ikastetxe bakoitzaren lan egiteko modua desberdina dela ikusi dugu eta bakoitzaren alde on eta txarrei buruzko hausnarketa bat egin dugu. Solasaldi honen bidez lortu ditugun ideiak oso interesgarriak iruditu zaizkigu eta zuekin partekatzea bururatu zaigu. Azaletik eta modu orokor batean dago idatzita, baina, atera ditugun ondorio edo ideia garrantzitsuenak bertan txertatzea lortu dugula deritzogu.
Irakurri eta idatzi zuen esperientzian oinarrituz gurekin ados zaudeten edo ez.
1.- Metodologia
Gure praktikaldiari buruz hitz egiten hasi garenean metodologia desberdinak aurrera eramaten dituzten zentroekin aurkitu garela ohartu gara. Alde batetik, irakasgaiak modu tradizionalean kokatzen den Txanela proiektuan oinarritzen direnak ditugu. Bestetik, proiektuetan oinarritzen den sistema ikusi ahal izan dugu. Ezberdintasunak ugariak direla kontuan hartuta, hauen inguruan aipatu genitzakeen onurak eta kalteak adostu ditugu.
Lehenik eta behin, irakaslearen segurtasunari begiratuz, esan dezakegu Txanela proiektuak irakaslearen konfiantza bermatzen duela. Horrez gain, gelaren kontrola izatea errazten duela iruditzen zaigu. Nahiz eta kontrol hori zenbaitetan onuragarria izan, irakaslearen askatasuna ere neurri batean mugatu egiten du, proiektuetan ez bezala. Hauetan, irakasleek nahiz ikasleek erabakiak hartzeko aukera handiagoa dute. Gainera, proiektuetan lan egitean irakasleak ikasle bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera zabalagoa du eta ikasleen talde lana sustatzen da elkar lanean arituz. Hala ere, txokoka lan egiteak aurre prestakuntza handiagoa eskatzen dio irakasleari helburuak bete nahi badira.
2.- Materialak
Materialari dagokionez, metodologiarekin erabateko lotura duela ikusi dugu. Txanela proiektuan esaterako, irakasgai bakoitzeko hainbat liburu zeuzkaten. Hauetaz gain, irakasleak lortutako fitxa solteak ere burutzen zituzten eta baita ordenagailuak ere. Gainera, irakurketa sustatzeko liburu ezberdinak aurkitzen ziren gelan. Proiektuka lan egiteko, aldiz, material anitzagoa behar da. Testu liburua matematika gaia lantzeko soilik erabiltzen zuten. Gainontzean, txoko bakoitzean material ezberdinarekin aritzen ziren lanean. Plastilina, gometxak, kartoia, lego piezak, metroa, eraikuntzarako piezak, puzzleak, bingoa… eta beste hainbat jolas. Horrez gain, laguntza gisa erabiltzeko material ugari aurki zitekeen gelan. Hiztegia, alfabetoa hitz larri eta xehekin, zenbakiak azpian izenekin, Atlasak, abakoak, mapak…
Honenbestez, proiektuka lan egitea askoz aberatsagoa dela iruditzen zaigu material aldetik.
3.- IKT erabilera
Orokorrean, ikastetxeetan teknologia berriak ez daude oso txertatuta. Gure esperientziari dagokionez, erabilera ugariagoa izan da Txanela proiektua lantzen duten zentroetan. Hauetan ikasys proiektua martxan jarriz, ordenagailuetan ariketak egiten dituzte. Arbel digitalaren erabilera ere anitzagoa da. Izan ere, gela bakoitzak hauetako bat du. Horrez gain, ordenagailua erabiltzeko oinarrizko pauta batzuk ere irakasten dizkiete baita mekanografia ere. Proiektuka lan egiten den eskoletan, ordea, ez zaigu tokatu teknologia berriak erabiltzen diren egoerak bizitzea. Teknologia berriak presentzia izan duten kasuetan ikasleen jarrera pasiboa da, pelikulak ikusi edo abestiak entzutea esaterako. Hala ere, ikastetxe gehienek euren blog-a dutela jabetu gara, gurasoek eskolan egindakoaren berri izan dezaten: http://hamaikaartistak.blogspot.com.es/, http://hogeifantastikoak.blogspot.com.es/, http://igeldoeskola.blogspot.com.es/, http://2015irurakolh4b.blogspot.com.es/.
4.- Harremanak
Orokorrean, ikasle gutxiko eskoletan sortzen diren harremanak oso estuak dira, bai irakasleen artean, bai ikasleen artean, bai irakasle-ikasleen artean eta baita irakasle-gurasoen artean ere.
Zikloka banatuta dauden ikastetxeetan, ikasleak ez dira beti taldekide berdinekin egoten, urtero taldekide desberdinak izaten dituzte eta honek umeen arteko harremanak sustatzen ditu. Jolas-orduan esaterako ziklo guztietako haurrak nahasturik ibiltzen dira jolasean, zenbait kasutan HH-ko haur batzuk ere parte hartzen dutelarik jolas horretan.
Irakasle gutxi direnez eta, irakasle guztiek haur guztiak ezagutzen dituztenez, elkar-lanak izugarrizko garrantzia du eta harreman sendoak sortzen dira. Irakasleek ume bakoitza ondo ezagutzeko aukera duenez, bere egoerara eta gaitasunetara egokitzeko ahalmen gehiago du eta laguntza maila handiagoa eskaintzea lortzen da. Gurasoak ere oso aktiboak dira eskola txikian, ahal duten guztietan esku bat botatzen diete irakasleei, irteerak, lantzen ari diren gaiaren inguruko azalpenak emateko, eskolako konponketak egiteko, beharrezko materiala uzteko, kirol arloa antolatzeko....
Bestalde, izugarrizko aldea dagoela ikusi dugu ikasle kopuru handiko ikastetxeetan. Santo Tomas Lizeoan ikasleen arteko harremanak itxiak dira, gelako ikaskideen artean mugatzen baitira. Hainbeste ikasle izanik, jolas-ordu ezberdinak erabili behar izaten dituzte guztiek tokia izan dezaten, eta honek beraien arteko harremanak murrizten ditu. Bestalde, irakasleekin duten harremana ona izan arren, eskola txikietan baina hotzagoa da. Gurasoekiko harremanari dagokionez ere gauza berdintsua esan dezakegu, orokorrean laguntzeko prest azaltzen direlarik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina